Legazpiko herriaren historian zehar Ilintxa Kirol Elkartea gure komunitateko elementu garrantzitsua izan da. Klubean argi dugu gure funtzioa, funtsean, soziala dela; eta hori horrela izanik, kluba bera eta hartako giza ondarea gure gazteriaren eskura dagoela uste dugu.
Gaur egun ehundaka pertsonek osatzen dute kluba, jokalariak, teknikariak eta zuzendaritza aintzat hartuz. Tokiko entitate, organismo eta enpresek argi dute klubak egiteko sozial garrantzitsua duela gure komunitatean eta, horregatik, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, bestelako laguntza ugari jasotzen dugu hala enpresen nola instituzio publikoen aldetik. Aurrekontu ezberdinak funtzio sozial hori gauzatzera bideratzen dira oso-osorik.
Gure proiektua gurekin diren gazteen hezkuntza, prestakuntza eta garapenean oinarritzen da, etorkizunean duintasunez lehia daitezen, garaipena eta porrota kirolaren ohiko ondoriotzat uler ditzaten eta emaitza horiek behar bezala barneratzen ikas dezaten.
Kluba Oinarri-futbola kategoria eta talde ezberdinetan zehar egituratzen da. Mutilen nahiz emakumezkoen taldeak barneratzen dira klubean eta lan metodikoa garatzen da Legazpiko neska-mutilekin.
Klubean barneratzen diren kategoria ofizialez gain, bada Futbol Eskola bat ere. Eskola horretan 9-12 urte bitarteko gaztetxoek lehen urratsak eman ditzakete futbolean.
Klubaren egungo egitura, kategoria eta kirol-sekzioen arabera sailkatuta.
- Futbol Eskola – (Mistoa)
- Alebina – (Mutilak)
- Alebina – (Neskak)
- Ohorezko Infantilak – (Mutilak)
- Infantil Txiki – (Mutilak)
- Infantilak – (Neskak)
- Kadeteak – (Mutilak)
- Kadete Emakumeak
- Jubenilak – (Mutilak)
- Erregional Mutilak
Klubak erabiltzen dituen egitura eta instalazioak Udalarenak dira eta, gaur egun, Bikuña futbol-zelai deritzon futbol zelaia erabiltzen da.
Bikuña futbol-zelaia 1979an eraiki zen. 100m x 60mko dimentsioa du eta belar artifiziala. Harmaila bat du eta bertan garatzen da klubaren oinarri-futbola.
Legazpiko Kirol Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiogu Legazpiko komunitateari eta gure historia luzean zehar era anonimoan klubak bere funtzio sozial garrantzitsua gauzatu ahal izateko gure alde lan egin duten pertsona guztiei.